top of page

AHOZKOTASUNA

         

​

Gizakiok komunikatu beharra dugu, ideiak partekatu, beharrak azaldu eta harremanak sortzeko. Eskolan, ahozko komunikazioa atetik sartu eta berehala ikusten da, irakaslea edo lagunak agurtzen ditugunean. Hala ere, ahozkotasuna alde batera geratu izan da sarritan, izan ere, ikasgelan lantzen den hizkuntza eredua idatzia izan da gehienbat, ahozko eta idatzizkoaren bereizketa kontuan hartu gabe.

​

Kontuan izan behar dugu ahozkotasuna kulturaren transmisio bide izan dela urte luzeetan. Hizkuntzak, azken finean, kultura, errealitate eta mundu berrietara gerturatzen laguntzen digu, bai eta harremanak ezartzen ere. Ahozkotasuna eta idatzizkoa hizkuntza sistema bereko modalitate ezberdinak dira, eta neurri berean eskaini behar diegu arreta, ikas-irakaskuntza prozesuetan. Ohikoa izaten da ahozkoa eremu ez formalekin lotzea, eta idatzizkoa berriz, eremu   landuagoa eta formalagoekin.

​

Eskolan ahozkotasunari eskaintzen zaion denbora oso urria da idatzizkoaren aldean, eta gehienetan oso orokorra izaten da, gelako ohiko elkarrekintzetan bakarrik oinarritua, irakasleari eskaerak egiteko edota haren galderei erantzuteko. Ematen du, hitz egiten ikastea esaldi zuzenak egitea dela, irakaslearen galderei behin eta berriz modu zehatzean erantzuteko bakarrik. Irakasle eta ikasleen arteko elkarrizketa oso baliagarria da ahozkotasuna lantzeko, bai, baina askotan ez diogu garrantzirik ematen ikasleen arteko elkarrizketari.

​

       

 

          

​

Mintzamenaren garapena prozesu luzea da eta kontuan hartu behar dugu hemen, Euskal Herrian, euskara hizkuntza gutxitua izanik, haren erabilera sustatu nahi badugu, testuinguru soziolingustikoak ere kontuan hartu beharko ditugula.  Horietako askok ez du laguntzen, izan ere, ikasle askok askotan ez dute ikasgelatik kanpo euskaraz mintzatzeko aukerarik izaten.

​

Hitz egitea oso garrantzitsua da mintzatzen ikasteko. Horretaz gain, ahozko testuei ere jarri behar zaie arreta, argi dagoelako lagunarteko solasaldia eta jendaurreko hitzaldia egitea ez dela gauza bera. Ikasleek hiztun onak izateko, negoziatzeko, narrazioak egiteko gaitasuna izan behar dute. Hala ere, ahozko testuak lantzen ditugunean, kontuan izan behar dugu ahozkoaren alderdi batzuk bakarrik lantzen ari garela, eta horietako batean ikasle bat ondo moldatzen bada, ez du zertan esan nahi gainerako gaitasunak barneratu dituenik. Bestalde, ahozko testuak lantzea garrantzitsua den arren, gela barruan hitz egiteko aukera emango dien bestelako testuinguru bat egon behar da, ikasleak ikasketa prozesuko protagonista bihurtuko dituena, eta horrela, aukera gehiago izango dute parte hartze luzeago eta konplexuagoak egiteko (galdera-erantzun eredutik at), eta hitz egitera ohitzeko.

​

Ahozko hizkuntza gure klaseetan sartzeko, klaseen antolaketa aldatu behar dela konturatu behar gara. Gaitasun komunikatiboa lantzeko ikasleari eman behar zaio hitza, eta lan egiteko modua aldatu behar da.

​

​

​

​

Zergatik landu ahozko hizkuntza eskolan?

Nola landu?

Ahozkotasunari buruzko lotura interesgarria:

​

 

bottom of page